NORMALKUNTZA PLANA
HIZKUNTZA NORMALKUNTZA PLANA
Soraluzeko Bigarren Hezkuntzako Institutuak, 96-97 ikasturtean normalkuntza planean sartzea erabaki zuenetik pasatu dira jadanik hamar urte.
Koordinazio atalean, urte hauetan, zenbait aldaketa eman dira baina zerbait aipatzekotan antolaketari dagokiona nabarmenduko genuke. Gaur egun, normalkuntzan aritzen garen ikastetxe guztiak “ULIBARRI” programaren baitan ari gara lanean. Bistan da, 388 ikastetxeetako programen arteko loturak, koordinazioak, topaguneak lortzea... ez dela gauza erraza. Nekeza da eta era berean beharrezkoa ere. Koordinazio honetan parte hartzen duten elementu nagusiak honako hauek dira:
- Ikastetxeko Hizkuntza Normalkuntzako Arduradun Teknikoa -HNAT- eta ikastetxeko Normalkuntza Batzordea -HNB-. Urteko plana koordinatu eta ekintzak dinamizatuko dituena.
- Gunea: eskualdeko ikastetxeetako HNAT-ak biltzen dira gunean. Guneko koordinazioa eta dinamizazioa Berritzeguneko Hizkuntza Normalkuntzako Teknikariak-HNTk- hartzen du bere gain.
- HNTen arteko koordinazioa
- NOLEGA. (Normalizazio Legearen Garapena 1984) Bere egiteko nagusiak eskola giroa eta Hezkuntza Administrazioa euskalduntzea da. Euskara zerbitzu honi dagokio programa osoaren kudeaketa.
Zalantzarik gabe, urte hauetan lan eskerga egin da eta guztion artean pauso erabakigarriak eman ditugu normalkuntzaren bidean. Hala ere, ezin dezakegu esan gauzak ezin hobeto doazenik. Izan ere, ikastetxean parte hartzen duten esparru guztietan baitugu oraindik zer eginik eta zer hobeturik; bai erabilerari, bai ezagutzari eta bai motibazioari dagokionez. Beraz, Hizkuntz Normalkuntza Programak arestian aipatutako hutsuneak bete eta helburuak lortzeko ahaleginak egitea du xede.
Proiektu honen helburua ikasleen arteko eta hezkuntza komunitateko partaideen arteko harreman bizitzan eta bertatik kanporako proiekzioan euskarak duen lekua sendotu eta aberasteko urratsak ematea izanik, Soraluze BHIn hiru helburu nagusi planteatzen ditugu:
- Euskararen erabilera bultzatu.
- Euskararen normalkuntzarako bide berriak irekitzea.
- Euskararen kalitatea hobetzea.
Oinarri nagusi hauek betetzeko asmoz, ikastetxeak honako batzorde hauek eratzea erabaki du:
- Irakasleen batzordea: eginkizun nagusiena HNP burutzea izanik, horren jarraipena egitea dagokio.
- Ikasleen batzordea: ikasleen eremuaz arduratzen da eta kurtsoan zehar planteatutako ekintzen eragile eta bultzatzaile eraginkorrenak dira. Batzordea ikasleez eta HNATaz osatuta dago.
Orain arte eginiko lanean, arreta berezia eskaini nahi izan diogu beti ikasleen artean euskararen erabilera ( eta motibazioa ) sustatzea. Era berean, udaleko euskara batzordeak, aspaldi heldu zion normalkuntzari gaiari eta arreta berezia jarri haur eta nerabeen euskalduntzean. Hasiera batean, ekintzak modu puntual batean egiten bagenituen ere, denborarekin, herriko Ikastetxe eta Udaleko Euskara Zerbitzuarekin ahaleginak koordinatzen eta irizpideak bateratzen joan gara, lana nahiko modu bateratuan egitera iritsiz. Elkarlan honen ondorioz, azken urte hauetan hainbat ekintza burutu ditugu :“motibazioa saioak”, hitzaldiak, etorkinentzat euskara klaseak irakastorduetatik at, euskal udalekuak ...
Aurrerapauso haundiak eman dira beraz gai honetan, baina badago oraindik zer eginik, gure erronka beti baita: gauden honetatik aurrera egitea.
ABENDUAK 3: EUSKARAREN EGUNA
HITZ BESTE
Bentara noa
2014-12-03 / Anjel Lertxundi
Euskara mara-mara ari da, zuritu du mendia: izanik kanta zahar betikoa,izan liteke kanta berria euskarari jarria. Itsasoa laño dago euskararen barraraino: hizkuntza helduko da gure ahotsa eta oihartzuna entzuten diren itsas-bazterretaraino. Behin batean Euskaran erromeria zan, hantxe ikusi nuen neskatxa bat dantzan: begiek eta kriskitinek eta hanka-brinkoek musika familiarrean egiten dute suelto-suelto dantza eta txantxinbiri. Hitzaren orpotik dator mama goxoa: aihen zaharretik da hizkuntza berritzen, bere izanaren izate betikotik dugu edaten eta sortzen. Ez da filosoforik ez teologorik euskarari neurria hartuko dionik: den dentxoa baino gehiago izateko ahala du hizkuntzak, zain gauzka. Euskarak festa biharamunean, berak baitakien txoko batean: hizkuntzak kale-kantoi, ganbara eta txoko sekretu asko baititu…
…bentara noa, bentatik nator, bentan da nire gogoa, hango euskara krabelinetan hartu dut amodioa.